XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Deloppement du Pays Basque elkartearen batzarra.

Duela dotzena bat urte sortu zen Deloppement du Pays Basque deitu batasuna.

Partaideetan 20 bat lantegi edo sozietate eta 50 bat lagun.

Partaide horietan Brana jauna CNPF, Frantziako nagusien sindikatuaren lehendakariordea, sortzez Baionakoa, Bidegain, Saint Cobain sozietatekoa, Segela eta beste izen famatu batzu baita Luberriaga Azkaingo auzapeza, Dassance Uztaritzekoa, hemengo SEI, Neuhaus, ELF Aquitaine eta beste ere.

Beren urteko Biltzar Nagusia Hazparnen egin dute joan den larunbatean.

Elkarte horren grina: Euskal Herriaren geroa.

Geroa, teknika aurreratuetan ikusten dute, eta teknika horiek baliatzen dituzten lantegiak hartzeko gai izan dadien nahi lukete Euskal Herria.

Gisa horretako lantegietan ari direnek toki ederrak nahi dituzte: Euskal Herriko bazterrak famatuak dira.

Aro edo eguraldi goxoa: alde horretarik ere behar dena badugu.

Ikasketa eta ikerketa tokiak.

Hor badugu zer egin nahiz ez garen eskuak hutsik: Baionako informatika saila entzun-ikusgai ikasketak batxiler ondotik, Miarritzeko kristal piruak eta abar.

Euskal Herria gaizki ezagutua.

Baina horiek denak ez dira ezagutuak Frantzia behere horietan.

Euskal Herriak turismo eta terrorismo tokia delako fama du, eta lanak dira itxura hori aldatzeko.

Norbaitek proposatu du, bakotzak izen zerrenda bat egin dezan, Pariseko Irrati Telebista eta egunkarietan nor ezagutzen duen, eta honekin denekin Euskal Herriaren alderako lobby bat egin behar litzatekeela.

Miarritzeko kristal piruen posibilitateak ezagut arazteko, beste batek esan du, Ministroen kontseilu bat egin behar litzatekeela zenbait ministro Miarritzen izanez eta besteak Parisen, kristal piruei esker elgar ikusiz.

Beste problema bat ere aipatua izan da.

Maila horietan ari delarik lanean, auzo herrietako ikertzale eta langileekin kurutzatzen da.

Londrese edo Frankfurtetik Miarritzera etortzeko Parisen pasatu behar: Roissy-n jaitsi eta Orly-ra etorri, Miarritzeko hegazkina hartzeko: hots Parise guztia trabeskatu!.

Holako gauzak nekez onartzen dituzte jende mota horiek, omen.

Aitortuko dizuegu beste problema bat ikusten genuela guk geuk: goi mailako teknikalari eta inginadore, teknika aurreratu eta gaineratiko, ezin uka teknika berrietan dagoela geroa.

Bainan batxiler ateratzera heltzen ez diren euskaldunak zer bilakatuko dira?.

Lekuak hustu beharko ote dituzte, beste nonbaitik, gure xokoaren edertasuna eta goxotasunagatik, etorriko direnei emateko?.

X.A. Baiona.